XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orobat, aginduen arloko adibidez beteta daude berbaldiaren perorazio gehienak, gorago kapituluen barne egitura azaltzean ikusi den bezala.

Adibideak normalean perpaus laburrez osatuak agertzen dira, mezua ezin sarkorrago bihurtzen delarik. Esan beharrik ez da, aditzak agintera forma hartu ohi du: Zaren prestu, euzu konzientzia ona. Zaren konzientzia onarekin, ez etsairen, ez inkontruren, ez fortunaren, eta ez munduan den bertze perilen ere, etzara beldur izanen (449 or.)

Nolanahi ere den, afektuen mugiarazteko irudirik egokienak eta eredu dialogikoarekin ongien ezkontzen direnak esklamazioak eta galderak direla esan daiteke.

Hauek biak izan dira literatura aszetiko-erlijiosoak maizen erabili dituenak eta irakurleak hunkitzera iristeko dramatismoa lortzen hobekien laguntzen dutenak.

Horrexegatik, hain zuzen, erabili izan dira bi-biak berbaldi guztien bukaera aldean, konbertsioa erdiesteko azken hitzak jaurtikitzen direnean.

Esklamazioa, oro har, sutsua bada ere, kutsu bortitz hori areagotu egiten da jarraian bat baino gehiago eransten direnean: es vehementísima aquella que consta de muchas exclamaciones (Granada, Retórica, 551a or.).

Ez da eskasa Axular horrelakoetan: Itsutasunaren itsua! erhokeriaren erhoa! uste baituzu ezen gero, hemendik urthe baten edo biaren buruan, orai baiño bekhatu gehiago duzunean, hosinean barrenago zaudenean, eta orai baiño flakoago zarenean, aisekiago, eta errazkiago ilkitko zarela. Iltki bekizu erhokeria hori burutik! egotz ezazu zeure gogotik! eta sinhets ezazu geroago gaitzago izanen dela (86 or.). Ha gau luzea, gau beltz, ilhun, izigarria, art-urratze gabea, oillariterik izanen eztuena, sekulan argituko eztena, eta ez akhabatuko! (599 or.).

Figurae sententiae direlakoen artean, maizago darabil Axularrek repetitio interrogationum edo galderak bata bestearen ondoan jarririk.

Galderak, Granadakoak zioen bezala, tiene tambien fuerza y acrimonia, y es muy poderosa, no solo para mover los afectos, sino tambien para variar la oracion. Y es mas vehemente y elegante, cuando en una misma serie de oracion fluyen muchos interrogantes distinguidos con ciertos incisos ó miembros (Granada, Retórica, 552a or.).

Bestetan baino gehiago, horretan emango du Axularrek pasarte luze asko.

Hona hemen, Gero-n garrantzi handia duen irudi honen zenbait adibide adierazgarri: